XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Senatuak baietza eman dio gauez etxeak miatzeari

Bederatzi ustezko islamista atxilotu zituen atzo Poliziak Lillen, Marseillan eta Yvelinesen

A.S. / Baiona

FRANTZIAKO Polizia Judizialak bederatzi lagun atxilotu zituen atzo goizean, islamisten mundukoak.

Arrastatze hauek Yvelines departamenduan eta Lille zein Marseilla hirietan gertatu zirela jakin zen.

Poliziaren iturriek berek emandako datuen arabera, atxiloketa hauek ez zuten lotura zuzenik Parisko Port Royal geltokiko atentatuaren ikerketarekin, bai ordea, Ahned Zaoui-ren auziarekin.

Belgikan konfinatua den aljeriar islamista integrista honen ingurukoen artean, halaber, sarekada egin zuten iragan asteartean Parisen eta inguruetan.

Harrapatutako hamalau lagunak, hala ere, aske utzi zituzten.

Islamista integrista horien atxiloketaren berri jaso zen unean bertan jakin zen Frantziako Senatuak lege zuzenketa bat ontzat hartu zuela borroka armatuari aurre egiteko baliabideak areagotzeko.

Asteazken gauean senadoreek onartutako testuak dioenez, epaile batek eta Polizia Judizialeko kideek ahala izango dute etxeak gauez miatzeko.

Gaur egun, drogari lotutako arazoetan baino ezin da Polizia norbaiten etxean sartu, arratseko 21:00ak eta goizeko 06:00ak bitartean, eta prokuradoreak baizik ezin du agindua eman.

Toubon: Atentatuak aurretik eragotzi behar dira

Jacques Toubon Justizia ministroak oniritzia eman zion Senatuak bozkatutako zuzenketari, bere ustez nahitaezkoa baita eskumen legalak emateko magistratuei, atentatuak aurretik eragoztearren.

Hain zuzen, testuak Polizia Judizialari norbaiten etxean gauez sartzeko eskubidea emango dio atentatu bat prestatzen ari den susmoak baldin badaude, eta frogak desagertarazteko arriskuak egonez gero edo atentatu bat gertatu eta berehala flagrantzia moduan ekiteko.

Lege zuzenketa hau eskuineko gehiengoko senadoreek onetsi zuten, baina komunistek, aldiz, kontra bozkatu zuten.

PSk abstentziora jo zuten.

Oraingoz, haatik, lege zuzenketa hau ez da erabilgarria, Parlamentuaren talde mistoak bat egin behar baitu eta azkenik Legebiltzarrak ontzat hartu behar baitu.